HONDAKINAK BALIABIDE BIHURTZEKO ORDUAN TEKNOLOGIA HAU DARABILEN LEHENENGO LANTEGIA DA EUROPA KONTINENTALEAN
Biscay Eco Aggregateseko lantegia Bilboko portuan dago kokatuta, eta karbono-aztarna negatibo ekoagregakinak ekoizteko orduan karbonatazio azkarturako teknologia hori ezartzen duen lehenengo lantegia da Europa Kontinentalean.
Instalazioak CO₂ industriala erabiltzen du hondakin mineralak eraikuntzaren sektorerako material jasangarri bihurtzeko. Hartara, karbonoaren atzipena, hondakinen balorizazioa eta ekonomia zirkularra bateratzen dira prozesu industrial berean.
Lantegi honen bidez, Biscay Eco Aggregatesek Euskadi eta Bilboko portua lekuratu ditu eraikuntzaren sektorea deskarbonizatzeko irtenbide industrialen abangoardia europarrean.
CO₂ ATZITZEN ETA FINKATZEN DUEN TEKNOLOGIA
Lantegian erabilitako ACT teknologia OCO Technologyk garatutako Carbon Capture and Utilisation (CCU) prozesuan dago oinarrituta, eta karbono dioxidoa atzitzeko eta karbonato mineral egonkor moduan etengabe finkatzeko aukera ematen du.
Prozesuan bertan:
- Hondakin mineral erreaktiboak erabiltzen dira, hondakinen errausketatik datozen errautsak, batez ere.
- Prozesu industrialetan atzitutako CO₂ eransten da.
- Kontrolatutako baldintzapean, karbonatazio azkartuko erreakzioa gertatzen da, eta kaltzio karbonato egonkor bihurtzen du materiala.
Prozesu horrek naturan bertan milaka urte beharko lituzkeen fenomeno naturala azkartzen du, gure instalazioetan minutu gutxi batzuetan gauzatzen da-eta.
KOKAPEN ESTRATEGIKOA
Lantegia Bilboko portuan dagoenez, kokapen estrategikoa da, Petronorreko ekosistema industrialarekin integratzeko eta logistikako zein portuko azpiegiturara sarbide zuzena edukitzeko. Hori dela eta, lehengaien eta produktuen garraioa optimizatzen da.
Horrela, ekonomia zirkularrarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako proiektu industriala garatzen dugu.
INGURUMENERAKO ONURAK
Biscay Eco Aggregateseko lantegiak onura handiak sorrarazten ditu ingurunean, hondakinak eta CO₂ industriala eraikuntzaren sektorerako material erabilgarri bihurtzen dituelako.
Eredu industrial horri esker, honako hauxe lortzen dugu:
- CO₂ industriala atzitzea eta berrerabiltzea, atmosferara ez isurtzeko.
- Zabortegira bidalitako hondakinen kopurua murriztea, hondakinen balorizazio energetikoaren ondorioz sortutako materialei bigarren bizitza ematean.
- Agregakin naturalen erauzketa gutxitzea eta, haien ordez, ingurumenean eragin txikiagoa duten material alternatiboak erabiltzea.
- Eraikuntzako materialen karbono-aztarna murriztea, sektorearen deskarbonizazioa sustatzeko.
- Ekonomia zirkularra bultzatzea, hondakinak baliabide industrial berri bihurtzean.
Hartara, Biscay Eco Aggregateseko lantegia berrikuntza industrialaren eredua da, ingurumeneko erronkak aukera bihurtzen dituelako ekoizpen-eredu jasangarriagoari begira.